Euskaldunak diasporan

Diasporako euskaldunen erreferentziak, euskal taberna, jatetxe edo hotelak, euskaldunen negozioak

  • Jose Mari Coscarart Bakersfieldeko Chalet Basque eta Hotel Noriega

    Jose Mari Coscarart Iparrea (1957) Baztan

    Bakersfieldeko Chalet Basqueko jabea Ibon Etxebeste zen. Bertan egin zuen lan kantinero bezala lehenengo aldiz Ameriketan. Hotel Noriegan frontoia zegoen eta bertan musera asko jokatzen zen ere.

  • Jose Mari Coscarart Lukainkak eta odolkiak egiten dituzte jatetxean

    Jose Mari Coscarart Iparrea (1957) Baztan

    Odolkiak, lukainkak eta txorizoak egiten ditu jatetxerako eta kanpoan saltzeko. Odola eta haragia erosten dituzte eta gero jatetxean prestatu.

  • Jenny Maitia Hotel Noriega eta Graxiana etxeko andrea

    Jenny Maitia (1952) Diaspora

    Aita artzain bezala joan zen Bakersfieldera eta hamalau urteren ondoan hura utzi eta kantinero lanetan hasi zen, Pyrénées ostatuan eta gero Noriegan (amarekin batera). Noriega hotelean artzainak biltzen ziren. Etxeko andrea, Graxiana, gogoratzen du. Artzainei papelekin asko laguntzen zien eta gero Jennyren amak hartu zuen lan hori.

  • Jenny Maitia Wool Growers ostatua handitzeko nahia

    Jenny Maitia (1952) Diaspora

    Wool Groversen lehenengo ostatuaren kokapena eta agur egungoa ez da berdina. Gaur egungoa 1976an erosi zuten Jennyk, bere orduko senarrak eta Jennyren amaren artean.

  • Jenny Maitia Kantina euskalduna Wool Growersen

    Jenny Maitia (1952) Diaspora

    Euskaldunek pikoia edo pikona asko edaten zuten. Iparraldekoek Ricard edo Pernod ere bai. Jende asko joaten zen musean jokatzera.

  • Michael Bidart New Yorkeko Valentin Agirreren hotela

    Michael Bidart (1950) Diaspora

    Aita Îlle de Paris itsasontzian heldu zen Ameriketara. Ellis Islandetik pasatzen ziren etorkin euskaldun guztiak, New York hiriko Valentin Agirreren hotelera joaten ziren.

  • Michael Bidart Arnegiko Pedro Etxemendiren akordeoia

    Michael Bidart (1950) Diaspora

    Arnegiko Ondarrola auzoko Pedro Etxemendi eta bere familia Ameriketara heldu zirenean, akordeoia saldu behar izan zuen hango gastuak ordaintzeko. Urteak pasata Mikek akordeoi hura erosi zuen jatorriz norena zen jakin gabe. Pedroren 80. urteurrenean bueltan oparitu zion akordeoia eta orain Chinoko euskal klubean dago.

  • Julita Iturri Aita Delamarreko urre meatzeetan lanean eta Domingo anaiaren ostatuan apopilo

    Julita Iturri Arrien (1924) Errigoiti

    Antonio (Julitaren aita) Ameriketan lehenengo mendian egon zen lanean, artzain, baina gero Delamarreko urre meatzeetan lan egiteko jaitsi zen menditik, eta orduan Domingo anaiaren ostatuan egon zen jan eta lo egiten. Urre meatzeetan zaldien laguntzaz ateratzen zuten urrea bagoietan. Antoniok zaldiek eurek baino indar gehiago egiten zuen, askotan zaldiek atera ezin eta berak egiten zuen bagoia ateratzeko besteko indarra. Meatzetik irtetean "errekistoa" (miaketa) edukitzen zuten, inork urre pepitarik gorde ez zezan.

  • Julita Iturri Aita eta oherakoan errezuak egiten zituen lekeitiarra

    Julita Iturri Arrien (1924) Errigoiti

    Antoniorekin (Julitaren aitarekin) batera lekeitiar bat egon zen Delamarreko urre meatzeetan lanean eta Domingoren ostatuan apopilo. Lekeitiarra diru barik ibiltzen zen, irabazten zuen guztia gastatzen zuelako, eta Antoniori 6.000 errealen mailegua eskatu zion. 6.000 erreal orduan diru asko zen. Lekeitiarrak, ohera joatean, aitaren eta errezu asko egiten zuenez, Antoniok 6.000 erreal eman zizkion, gero itzuliko zizkiolakoan, baina ez zion dirua itzuli.

  • Santi Intxausti Neguak hotzak Idahon

    Santi Intxausti Gerrikagoitia (1931) Gernika-Lumo

    Berotzeko txapa edo ekonomika izaten zuten. Negua oso hotza izaten zen eta jatekoa ere izoztu egiten zitzaien. Arropak astean behin garbitzen zituzten. Ereñoko Etxeandiatarrekin ibili zen.

  • Alejandro Antxustegi Lau urte eta erdi Australian pinuak jotzen

    Alejandro Antxustegi Asumendi (1931) Amoroto

    Lau urte eta erdi egin zituen Australian. Hasieran kanaberak ebakitzen ibili zen, baina gero pinuak jotzeko bi lagun behar zituztela eta hegoaldera joan ziren anaia eta biak. Ingelesez zekien Bergarako abade bat izaten zen bitartekari edo mezularia. Hatz punta moztu zuen Australian lanean zebilela. Hala ere, gustura ibili ziren.

  • Alejandro Antxustegi Australiara lanera; iparraldetik hegoaldera

    Alejandro Antxustegi Asumendi (1931) Amoroto

    Eskola gutxi ikasi zuen, baina maisuak agiria sinatu zion, Australiara lanera joateko. Bi hilabetez kanaberak ebakitzen ibili zen. Gero, hegoaldera. Hiru hegazkin hartu behar izan zituzten Melbournera iristeko. Adelaidara joateko trenaren zain egon ziren denboran, bilbotar batek pinuak jotzen ari ziren lekura eraman zituen eta amorotar bat aurkitu zuen bertan.

  • Alejandro Antxustegi Amorotar bat lan gogorretan Melbournen

    Alejandro Antxustegi Asumendi (1931) Amoroto

    Melbournen lanean ikusi zuen amorotarrak lan gogorra zuela dio. Zuhaitz oso handiak botatzen zituzten. Trenbideetarako trabesak egiten zituzten egur harekin.

  • Alejandro Antxustegi Aulestiko bi anaiaren lana Australian

    Alejandro Antxustegi Asumendi (1931) Amoroto

    Aulestiko bi anaiak Australian egiten zuten lan gogorra. Bakoitza kamioi batekin ibiltzen ziren basoan, pinutan. Zerrategi bat errentan hartuta zuten eta trenbideetarako trabesak egiten zituzten gero. Beraiek ez ziren asko joaten herri hartara, bestela irabazitako dirua gastatzeko arriskua zegoela dio.

  • Javier Gomeza Nyssan ez da egon euskal etxerik

    Javier Gomeza Arrozpide (1929) Arratzu

    Boiseko Letamendi ostatuan gau bat pasatu zuen, Ameriketara heldu zenean.

  • Javier Gomeza Euskaldunen fama ona Ameriketan

    Javier Gomeza Arrozpide (1929) Arratzu

    Ameriketan euskaldunek fama ona izan dute, oso langileak zirelako. Euskaldunen antolatutako piknik eta jaialdietara gutxi joan da.

  • Regina Bastida Larunbatero euskal jatetxera bazkaltzera

    Regina Bastida Arrizabalaga (1922) Diaspora

    Senarraren amak oso ondo kozinatzen zuen eta harekin ikasi zuen. Larunbatero senarraren lehengusuarekin joaten ziren euskal jatetxera bazkaltzera eta trago batzuk hartzera.

  • Fermin Bilbao Boisera iristeko bidaia

    Fermin Bilbao Ojinaga (1941) Arrieta

    Boisera iristeko bidaia: Bilbotik Madrilera trenez; Madriletik New Yorkera hegazkinez; handik ez du oso ondo gogoan, agian Denverrera. Highland konpainiako etxezaina joan zitzaien bila aireportura eta Valencia hotelera eraman zituen. Handik lantokira eraman zuen.

  • Fermin Bilbao Boiseko Valencia Hotelean bizitzen

    Fermin Bilbao Ojinaga (1941) Arrieta

    Eraikuntzan apur bat diru gehiago irabazten zuen, artzain gisa baino. Boiseko Valencia Hotelean egon zen bizitzen orduan. Behealdean zeukan jangelan jaten zuten beraiek, merkeagoa zen goiko pisuko jatetxea baino. Sukaldaria euskalduna zen.

  • Fermin Bilbao Euskaldunen hoteletako ugazabak

    Fermin Bilbao Ojinaga (1941) Arrieta

    Inguruko beste hotel bat aipatzen du: The Chico Club (gaur egun Leku Ona). Petra Belaustegi zen ugazaba. Valencia Hoteleko ugazabak Benito eta Tomas Ysursa anaiak ziren, euren emazteekin.

Itzuli gaietara

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza