Ohiturak, jatekoa, etxebizitza, garraiobideak, Euskal Herriko bizimoduarekiko desberdintasunak, egunerokoa, hiritartasuna, legeak, politika kontuak
Jabier Larralde Ustariz (1927) Baztan
Ondo jaten zuten AEBn artzain egon zirenean: zikirokia, ogia; ardoa ere nahi zuten guztia. "Galona" (galoia) izeneko ontzian erabiltzen zuten, 4 litro ingurukoa. Dena husten zuten bero zelarik. Baina kalte egiten zien. Beraiek prestatu behar zuten janaria. Beroa eta haizea ziren basamortuko etsaiak, baita janaria prestatzeko orduan ere.
Ramon Olano Zapiain (1927) Astigarraga
Fidel Castro Kubako agintean sartu zenean, ordura arteko sistema ekonomikoa aldatu egin zuen. Orduan Ramon gobernuaren tailerretan hasi zen lanean.
Buenos Airesen aldean, Aretxabaleta oso txiki
Jesusa Lasagabaster Billar (1926) Aretxabaleta
Oso txikia iruditzen zitzaion dena Argentinatik itzuli zenean. Han ez ziren hemengo basoak ikusten. Lantegi berri asko zeuden, nahiz eta bera joan zenean Ulgor hasita zegoen. Baina hiri handi batean, etxe artean hainbeste denbora bizi eta gero, dena txikia ikusten zuen hemen. Argentinarrekin ondo konpontzen ziren, baina beti euskal giroan edo Espainia iparraldeko beste herritar batzuengandik gertu bizi ziren, asturiar eta galiziarrak batez ere.
Gasolindegia jarri zuen Martutenen
Jose Migel Mendiburu Burundegi (1934) Donostia
Gastatzen ez zuelako aurreztu zuen dirua Txilen. Duela 45 urte gasolindegia jarri zuten Martutenen. Hango diruak ez zuen berdin balio hemen. Zaila zegoen. Urrezko txanponekin moldatu zen.
Boiseko mendietako jatekoak
Bitorio Sasiain Aiestaran (1929) Bermeo
Egunean hiru bider jaten zuen okela, eta lodituta bueltatu zen etxera. Arraina ere ugari jaten zuten, errekan arrantzatzen zituzten-eta. Erriflearekin oiloak harrapatzen zituzten. Kontuz ehizatu behar ziren oiloak, basozainak zeudelako. Aulestiar bati 50 dolarreko isuna jarri zioten.
Mendietako ur eta arrain garbiak
Bitorio Sasiain Aiestaran (1929) Bermeo
Boiseko mendietako ura oso garbia zen, garden-gardena; arrainak ere horregatik ziren onak. Behin ugazabak berarentzako arrainak harrapatzeko esan zien eta basozainak aurkitu zituzten haren etxerako bidean.
Jazinto Basterretxea Zuberogoitia (1930) Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz
"Debatiak" (batidak) egiten zituzten makilekin untxiak eta erbiak harrapatzeko eta asko hiltzen zituzten.
Gregorio Larrañaga Mandiola (1943) Markina-Xemein
Elkora (Nevada, AEB) joan zen artzain lanetara. Mendi handiak ditu Nevadak, 2000 metrokoak. San Migeletan menditik jaitsi behar izaten ziren segurtasuna tarteko. Gidabaimena atera gura zuela eta Idahora joan zen. Paraje hura oso ederra zela dio.
Koioteak eta basakatuak harrapatzen
Leon Arambel (1932) Aldude
Koioteak eta basakatuak harrapatzeko arteak nola prestatzen zituen. Bazen "koioteroa", gobernuak hartarako jarritako gizona. Leonek konpetentzia egiten zion. Arrainkiaz eta koiotearen pixaz eginiko amuaz harrapatzen dira erraz basakatuak.
Hozkailua, biziaren erdia artzainarentzat
Leon Arambel (1932) Aldude
Arestian ez zuten hozkailurik eta edariak pixa bezala geratzen ziren berehala. Arrautzak usteldu egiten ziren. Egun batez, nagusiak frigoa, hozkailua ipini zien artzainei eta hura biziaren erdia izan zen. Txerriki asko jaten zuten, nagusiek txerriak hazten zituztelako.
1967an Estatu Batuetako hiritar bihurtu zen
Jose Antonio Luzar Landeta (1943) Aulesti
Aita Estatu Batuetan zuenez, berak ere hiritartasuna lortzeko paperak egin zituen eta horrela libratu zen Espainian soldadutza egitetik. Azterketa bat egin behar da hiritartasuna lortzeko.
Mixel Sainte-Marie (1926) Landibarre
Kaliforniako klima hemengo antzekoa da, eta ondo egoten da, baina Nevadan urte osoz zeudenek asko sufritu behar izaten zuten, negua biziki hotza delako. Udan, oihalezko denda bat zuten, eta bizpahiru egunez lekuz aldatzen ziren.
Mixel Sainte-Marie (1926) Landibarre
Ameriketan ez zen lapurretarik. Polizia oso eraginkorra omen zen. Ordu erdiro pasatzen ziren beren kotxeekin. Ez omen ziren autotik irteten.
Isaac Urtubi Gerrikagoitia (1921) Nabarniz
Lehenengo hiru hilabeteetako lana bidaia ordaintzeko izan zen. Garagardoa ordaintzeko dirurik ere ez zuten. Gero, hegoaldera joateko hegazkina ordaintzeko dirua aurrezten hasi ziren. Hegoaldean, zerrategi batean hasi ziren eta han istripua izan eta hiru hilabete eman zuen hanka sendatzen. Eta berriz dirua aurreztuta, iparraldera.
Isaac Urtubi Gerrikagoitia (1921) Nabarniz
Kanabera ebakitzen eta kamioiarekin kargatzen egiten zuten lan. Tomateak landatzeko eta batzeko ere makinak daude Australian. Tomate eta piper ona hartzen dute Australian; azalore kamioikadak kargatzen zituzten. "Berdura farman" gutxi ordaintzen zieten; kanaberan asko. Txekea bidaltzen zen kartaz, eta hemengo bankuetan kobratzen zen. Orain ere apurren bat kobratzen du. Dirua aurrezte aldera, ez zuten gasturik egin nahi, baina bulegokoak esan zien kamioi berria erosteko, bestela aurreztutakoa zergetan ordaindu beharko zutela.
Isaac Urtubi Gerrikagoitia (1921) Nabarniz
Hemengo aldean mozkor asko harrapatzen zen Australian. Garagardo ona egoten zen, eta tabernak goiz ixten zirenez, kolpean edaten zuten eta berehala mozkortzen ziren. Goserik ez zuten pasa; Isaac beti ostatuan espainiarrekin egon zenez, hemengo antzera jaten zuten, baina kanpora joanez gero jatera, oso bestelakoa zen janaria.
Isaac Urtubi Gerrikagoitia (1921) Nabarniz
Baserrian diru gutxi irabazten zen. Euskal Herriko aldean asko irabazten zen Australian; zerga asko ordaindu behar zuen, eta kamioi berriak ere erosi zituen. Kamioiarekin lan asko egin behar zen, baina asko irabazten zuen. Espainiarren ostatuan egon zen, koinata zen sukaldaria. Hamabi urtean egon zen etorri barik; ezkon berritan joan zen eta Isaacen etxean geratu zen emaztea gurasoak zaintzen. Kartaz komunikatzen ziren. Irunen despeditu zituen etxekoak, eta trena hartu zuen Genovara joateko itsasontzia hartzera. Treneko pasadizoa kontatzen du. Orduan Nabarnizen ez zegoen telebistarik; eta etxean telefonorik ere ez. Orduan ikusi zuen Frantzian lehenengo telebista.
Ameriketara artzain 31 urterekin
Jazinto Arriola Arriola (1935) Berriatua
Ameriketara 31 urterekin joan zen eta bertan artzain hasi zen. Bertako bizimoduaren inguruan hitz egiten du. Hasiera oso gogorra izan zela dio. Lehenengo inpresioan, elkarrekin hobeto konpontzen zirela iruditu zitzaion.
Ramon Olano Zapiain (1927) Astigarraga
Kubatik etorritako lagun batzuk egin zituen behin, eta haiekin harremanetan, Kubara joateko animatu zuten. Haien laguntzarekin, Kubara joateko paperak prestatu zituen. Kuban mekaniko-lanetan hasi zen. Halako batean, Fidel Castro sartu zen boterean, eta orduan sistema ekonomikoa aldatu egin zen.
Ramon Olano Zapiain (1927) Astigarraga
Kuban emakume batekin ezkondu zen. Orduan egoera zaildu egin zen, Estatu Batuek blokeatu egin baitzuten Kubarekiko harremana. Urteak pasa ahala, gauzak estuago jarri ziren eta, azkenean, Astigarragara itzultzeko konbentzitu zituen emaztea eta amaginarreba; 1968an itzuli ziren.