Honi buruz
Euskal Diasporaren Ahotsak proiektuaren helburua diasporako ahotsak jasotzea da, euskarazko ahotsak. Hizkuntza herri nortasunaren erdigunean jarrita, hainbat belaunalditako euskaldunak elkarrizketatzea: adinekoez gainera, baita hurrengo belaunaldiak ere, diasporan jaio eta euskara ikasi dutenak. Batetik, bizitza-historiak jasotzen ditugu, euskal familia askoren esperientziak, eta bestetik, baita diasporako errealitateak ere: nolakoa den euskalduna izatea diasporan, zer harreman duten euskararekin, euskal kulturarekin eta Euskal Herriarekin. Zer ikuspegi duten migrazioez, integrazioaz, bizikidetzaz eta hizkuntza zein kultura aniztasunaz. Ahozko ondarea jasotzean, hizkerarekin batera historia ari gara jasotzen: oroimen historikoa, bizitza-ikuskerak, euskal kosmogonia.
Ameriketara joan zirenetako asko artzaintzan aritu ziren lanean.
Badihardugu euskara elkarteak sortutako proiektua da. Urteak daramatzagu Ahotsak.eus proiekturako testigantzak jasotzen, eta badugu eskarmentua. Euskara Euskal Herritik kanpo ere bizirik dago, eta Diaposrako Ahotsak proiektua aurretik egindako lana osatzera dator. Elkarrizketak diasporan egiten ditugu (lehenengo bidaia AEBetara egingo dugu, euskal artzainak elkarrizketatzeara), eta baita Euskal Herrian ere, diasporatik bisitan datozenei eta diasporan bizi izan direnei. Grabazio zaharrak ere berreskuratzen ditugu: beste proiektu batzuetarako egin diren diasporako grabazioak; ahotsak.eus webgunean katalogatzen ditugu guztiak, eta herritarren eskura ipini.
Euskal diaspora oso zabala da, eta toki batzuetan komunitatea lotuago dago euskal folkloreari hizkuntzari baino. Guk diasporako euskaldunengan jarri dugu fokua: euskal hiztunengan. Euskal nortasunari eusteko euskara aukeratu dutenengan, hain zuzen ere. Beren bizipenak kontatzen dizkigute eta beren familien historiak, euskaraz. Diasporako hainbat tokitara joateko asmoa dugu, elkarrizketak egitera, hainbat euskal etxeetako ordezkarien laguntzarekin. Euskal Herrian bertan ere ari gara elkarrizketak egiten, diasporan bizi izan eta bueltan etorri zirenei eta bertara bisitan edo euskara hobetzera datozenei; horretarako, Euskal Herrian besteak beste Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskal Artzainak Ameriketan museoaren laguntza daukagu.
Egitasmo honek Lehendakaritzaren babesa dauka eta baita Boiseko Euskal Museoarena ere. Egindako grabazioen kopia bana ematen diegu beraien artxiboetarako. Era berean, beraien artxiboetako euskarazko grabazioak hona bideratzen ari gara.