Diasporara lanera edo ikastera, familian aurretik diasporan egondakoen historia
Gregorio Larrañaga Mandiola (1943) Markina-Xemein
Soldadutza egin ostean, Ameriketara joan zen. Hemen ez zen irabazten mantentzeko besterik. Hiru urtean etxebizitza batek balio zuena baino gehiago irabaz zitekeen bertan.
Isaac Urtubi Gerrikagoitia (1921) Nabarniz
Baserrian diru gutxi irabazten zen. Euskal Herriko aldean asko irabazten zen Australian; zerga asko ordaindu behar zuen, eta kamioi berriak ere erosi zituen. Kamioiarekin lan asko egin behar zen, baina asko irabazten zuen. Espainiarren ostatuan egon zen, koinata zen sukaldaria. Hamabi urtean egon zen etorri barik; ezkon berritan joan zen eta Isaacen etxean geratu zen emaztea gurasoak zaintzen. Kartaz komunikatzen ziren. Irunen despeditu zituen etxekoak, eta trena hartu zuen Genovara joateko itsasontzia hartzera. Treneko pasadizoa kontatzen du. Orduan Nabarnizen ez zegoen telebistarik; eta etxean telefonorik ere ez. Orduan ikusi zuen Frantzian lehenengo telebista.
Joseba Beobide Arburua (1937) Zumaia
Lekarozko kolegiotik Donostiara joan zen, seminariora. Zortzi urte egin zituen han, Filosofia eta Teologia ikasten. Apaiztu ondoren Pasai Donibanera joan zen. Hiru urteren ondoren, Ternuara joateko eskaintza jaso zuen eta hara joan zen. Hogei urtetik gora egin zituen Ternuara joan-etorrian.
Teodoro Aranburu Otaegi (1928) Usurbil
Amaren familian, 17 senide ziren eta, jaunartzea egindakoan, lanera joan behar izaten zuten. Ama Zegamatik Usurbila etorri zen neskame; bere anai-arreba ugari Argentinara joan ziren lanera eta han geratu ziren.
Juan Gerebarrena Solozabal (1933) Markina-Xemein
Aita Ameriketan ibili zen eta itzuli zenean Larriñe baserria erosi zuen, Juanen jaiotetxea. Lehenengo, Frantziara joan zen aita soldadutzarik ez egiteko, eta handik Ameriketara.
Pedro Nazabal Goñi (1936) Etxarri Aranatz
Trabes guztiak RENFErako izaten ziren. Orain trenbide azpian porlana eta burdinazko barra bat jartzen da, baina lehenago trabesak jartzen ziren. Lehenengo trenbideak egiten hasi zirenean, bertako jendea oso trebea zenez aizkorarekin-eta Kalifornia aldera joan ziren lanera trenbideak egitera (beste batzuk artzain).
Maite Ormazabal Izagirre (1937) Zumarraga
Ezkondu eta Ameriketara joan zen Maite, Caracasera. Senarraren anaiak negozioa zuen han, baina lau urtez bakarrik egon ziren. Segurtasun faltagatik etorri ziren bueltan.
Inocencia Markotegi Razkin (1931) Etxarri Aranatz
Aitona ezkondu eta Ameriketara joan zen bizitzera. Birraitonak etxean "derecho a cocina" bakarrik zeukan, pobreak zirenei dena kentzen zieten eta. Horregatik joan zen aitona Ameriketara. 2.500 pezetarekin bueltatu zen eta bere jaiotetxea erosi zuen.
Antiguako lantegiak
Migel Aldasoro Gonzalez (1930) Donostia
Antigua auzoan lantegi ugari zeuden: 'Jabón Lagarto', 'Suchard'... Inguruko tabernak ez zituzten itxi ere egiten, dirua mugitzen zen bertan. Kanadara eraman nahi zuten Migel, berak ez zuen nahi ordea, dirua bertan irabazi eta bertan gastatu behar zela dio, ez bertan irabazi eta kanpoan utzi dirua. Ez zuen diru askorik aurrezten, parrandazalea baitzen oso.
Ama urte askoan Uruguain eta Mexikon egondakoa
Joxe Pablo Aranzadi Urretabizkaia (1932) Donostia
Ama tolosarra zuen. Bederatzi urterekin eskola utzi eta 13 urterekin Uruguaira joan zen neskame, izeko batek eskatuta. 16 urte pasa ondoren ahizpa batengana joan zen Mexikora. Izeko hark pentsio bat zuen eta bost urtez egon zen bertan, izeko hil zen arte. Amaren ahizpa hura bat-batean hil zen neumoniak jota.
Txomin Ibarluzea Garro (1929) Etxebarria
Anaiak joan ziren sasoia baino lehenago jende asko joan zen Argentinara bizimodua ateratzera; ganadua, esnea, laboreak... ziren diru-iturriak. Aitaren hiru arreba ere joan ziren; gazteenak 15 urte izango zituen. Errezatzen ba omen zekiten, baina eskolara joan gabeak ziren. Gutun bidez egoten ziren harremanetan.
Txomin Ibarluzea Garro (1929) Etxebarria
Anaia nagusiak ez zuen soldadu joan nahi eta Argentinara joan zen. Han hotela jarri zuen. Argentina ekonomikoki ondo zegoenez, anaia gazteagoari ere hara joateko esan zion, eta beste bi anaia ere hara joan ziren.
Juan Martin Bermeosolo Gabiola (1925) Ea
Krisi handia egon zen garai batean, eta ez zegoen lanik. Bere anaia bat Ameriketara joan zen lan bila eta bestea Australiara. Itsasoan zebiltzan marinelek ez zuten krisirik izan.
Ameriketarako emigrazioa
Zelie Haranberri (1929) Izura-Azme
Ia etxe guztietatik emigratzen zuten. Ameriketara joan zirenak asko izan ziren, tartean bere bi semeak. Sos pixka baten bila abiatzen ziren.
Ameriketara lanera
Garbiñe Siloniz Barrenkua (1935) Ea
Aita eta ama ezkondu zirenean, Firestonera joan ziren. Aitita lanik gabe zegoenez, Amerikara joan behar izan zen. Orain ere berdintsu dela kontatzen du.
Santi Intxausti Gerrikagoitia (1931) Gernika-Lumo
Soldadutzatik bueltan, errepideetan kamioiarekin lanean hasi zen. Nekatu egin zen, lo gutxi egiten zutelako. Hura utzi eta Ameriketara joan zen hiru urtez artzain Idahora. 1962ko irailean joan zen eta hiru urtera itzuli zen.
Rafael Lizasoain Adansa (1946) Baztan
XIX. mendean joan ziren lehenengo baztandarrak Ameriketara artzain. Argentinara urre bila joandako euskaldunak ere izan ziren. Euskaldunen negozioak Ameriketan.
Rafael Lizasoain Adansa (1946) Baztan
Lesakan lantegia martxan jarri zenean, bere anaiak han hasi ziren. Diru pixka bat lortzeko, nonbaitera joan beharra zegoen.
Fermin Zelaieta Lastiri (1939) Sunbilla
Sunbildarrak bazirenez, bera ere animatu zen Ameriketara joatera, bizi-baldintza hobeen bila. Ana Mari Marinen bitartez egin zituen joateko tramiteak. Ameriketan artzain ibilitako batek eman zion hango bizimoduaren berri.
"Dolarren bila" Ameriketara
Javier Urkiola Bilbao (1961) Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz
Bost osaba joan ziren Ameriketara, amaren anaia guztiak. Javier joan orduko itzuliak ziren handik. Osaba batek esan zion Ameriketan lana zegoela eta Euskal Herriko egoera eskasa zela eta, 1984an joatea erabaki zuen, "dolarren bila". Beharrezko guztia eman zioten: pasaportea, paperak... Bilbotik Madrilera, handik Denverrera eta gero Boisera egin zuen bidaia. Aireportura harrera egitera joan zitzaizkien itzultzaileekin (Espe eta Henry Alegria). Espek irratsaio bat egiten zuen euskaraz.