Euskaldunen arteko harremanak, bertakoekin harremanak, familia sortzea diasporan, seme-alabak, ondorengoak, bikote eta ezkontza kontuak diasporan
Jabier Larralde Ustariz (1927) Baztan
Berriki egon da txistua jotzen Kalifornian eta Nevadan, hango euskaldunek deituta. Euskaldunak elkartzen zirenean, elkarri miseriak kontatu, neska-kontuak eta horrelakoak erabiltzen zituzten.
Euskaldunak Argentinan
Jesusa Lasagabaster Billar (1926) Aretxabaleta
1975. urtearen bukaeran itzuli zen Jesusa Argentinatik. Txiki eta Otaegi hil zituztenean Buenos Airesko Gernikako Arbolaren ondoan protesta-elkarretaratzea izan zuten hango euskaldunek. Urtean behin Argentina osoko euskaldunek hiri ezberdinetan elkartzeko ohitura zuten. Rosario hirian izugarrizko jende pila bildu zela gogoratzen du Jesusak.
Argentinan erizain
Jesusa Lasagabaster Billar (1926) Aretxabaleta
Etxeetan edota ospitaleetan, gaixoak zaintzen jardun zuen Jesusak Argentinan. Espainiatik joandako beste bi lagunekin egiten zuen lan. Ondo bizi zen Argentinan, euskaldun jende asko zegoen bertan. Euskal Etxean elkartzen ziren eta lagun asko egin zituen. Buenos Aires hirian eman zituen 11 urteak. Bera Argentinan egon zen denboran bederatzi gobernu lehendakari ezagutu zituen. Iria eta Aranburu lehendakari izenak gogoratzen ditu, baita Isabel Perón ere.
Argentinara lanera
Jesusa Lasagabaster Billar (1926) Aretxabaleta
Argentinan bizi ziren bere bi anaia bisitatzera joan, eta 11 urte pasatu zituen bertan. Beroa lantegiarentzako lanera joan ziren bere anaiak, Aretxabaletako "Arrue Zaharrak" bidalita. Beroa itxi zenean, euren kontu jarraitu zuten, baina ez zitzaien oso ondo joan. Anaietako bat bertan hil zen 48 urte zituela. Bestea 1989. urtean etorri eta urtebete hemen egon eta gero itzuli zen, han hiltzeko. Emaztea eta alaba bat utzi zituen.
Buenos Airesen aldean, Aretxabaleta oso txiki
Jesusa Lasagabaster Billar (1926) Aretxabaleta
Oso txikia iruditzen zitzaion dena Argentinatik itzuli zenean. Han ez ziren hemengo basoak ikusten. Lantegi berri asko zeuden, nahiz eta bera joan zenean Ulgor hasita zegoen. Baina hiri handi batean, etxe artean hainbeste denbora bizi eta gero, dena txikia ikusten zuen hemen. Argentinarrekin ondo konpontzen ziren, baina beti euskal giroan edo Espainia iparraldeko beste herritar batzuengandik gertu bizi ziren, asturiar eta galiziarrak batez ere.
Carlos Urriolabeitia Gorroño (1931) Muxika
Carlosek 10 urte egin zituen Idahon. Bertan ikasitako ingeles apurra nahikoa zen harremanetarako. Amerikarrak euskaldunak laguntzeko prest zeuden beti. Medikutara edo garrantzizko zerbaitetarako bertakoek laguntzen zieten.
Jazinto Basterretxea Zuberogoitia (1930) Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz
Amerikar bat izan zuen lankide eta harekin ikasi zuen ingeles apur bat; neska-kontuak erabiltzen zituzten. Irabazi ahala gastatu egiten ei zuen hark, ganorabako itzela ei zen.
Jazinto Basterretxea Zuberogoitia (1930) Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz
Behin Boisera joan zen paper kontu batengatik. Han funtzionario euskaldun batek hartu zuen. Etxean bezala sentitu zen. Gero ere bisitatu izan zuten eta beti ondo hartuak izan ziren.
Mixel Sainte-Marie (1926) Landibarre
Artzain euskaldun anitz, erdiak inguru Iparraldekoak eta beste erdiak Hegoaldekoak. Euskaldun asko ezagutu zuen. Autoa izan zuen, eta asko ibiltzen zen batera eta bestera. Sarri elkartzen ziren lau lagun musean jokatzeko.
Mixel Sainte-Marie (1926) Landibarre
Aldudetar asko ezagutu zuen han. Sunbillar zenbait ere bai. Behin trenez Elkora zihoala, aldudetar batekin egin zuen topo eta lana bilatuko ziola agindu zion. Ondasun handiak zituen gizona zen, eta biziki xarmanta. Ez zen geratu, baina harrezkero, bakantzak zituenean, haren etxera (hotelera) joaten zen bi-hiru egun igarotzera.
Parisen neskame
Jesusa Anitua Lejardi (1926) Markina-Xemein
Parisen militar baten etxean eta emakume dibortziatu baten etxean egon zen neskame. Ezkondu ostean, ordu gutxi batzuk baino ez zituen egiten. Azkenean, 14 urte egin zituen bertako gizarte-segurantzan. Senarra bilbotarra izan zuen, han ezagutu zuten elkar. Erretiratu arte egon zen bertan.
Parisko Euskal Etxea; soldata ona
Jesusa Anitua Lejardi (1926) Markina-Xemein
Parisen euskaldunekin elkartzen zen Euskal Etxean; senarra ere bertan ezagutu zuen Jesusak. Hango soldata oso ona zen, franko bakarrarekin pezeta asko jasotzen ziren eta. 28 urte eta erdi egin zituen bertan.
Joseba Beobide Arburua (1937) Zumaia
Pasaiatik Ternuara zuzenean joanez gero, bederatzi egun inguru behar izaten ziren bidaian. 3000 marineletik gora egoten ziren han. Arrazoiren batengatik denbora luzerako han geratu behar zirenean, emazte batzuk joaten ziren bertara, baina normalean ez, diru asko behar zen eta. Gainera, itsasontziak txikiak ziren eta ez zeuden prestatuta.
Artzainak herrian elkartzen ziren lagunekin
Jazinto Arriola Arriola (1935) Berriatua
Artzainak eta beste lagun batzuk herrian elkartzen ziren. Berarekin artzain egondako gizon baten aipamena egiten du; Jazinto bera baino tabernara joan zaleagoa zela dio.
Ramon Olano Zapiain (1927) Astigarraga
Kuban emakume batekin ezkondu zen. Orduan egoera zaildu egin zen, Estatu Batuek blokeatu egin baitzuten Kubarekiko harremana. Urteak pasa ahala, gauzak estuago jarri ziren eta, azkenean, Astigarragara itzultzeko konbentzitu zituen emaztea eta amaginarreba; 1968an itzuli ziren.
Luzina Arriola Zabalia (1925) Gernika-Lumo
Ingalaterran jornal ona jasotzen zuen, 3 eta 10 libera artean. Dirua Gernika aldera bidaltzen zuen. Beste hainbat euskaldun ere egon ziren bertan. Urtero bueltatzen zen Gernikara, baita ezkondu ostean ere. Senarra bertakoa zuen. Nekazal eremu batean bizi ziren.
Inocencia Markotegi Razkin (1931) Etxarri Aranatz
Aitonak ganaduarekin egin zuen lan Ameriketan egon zenean, baina ez zitzaion gustatzen, eta berehala bueltatu zen. Seme batekin joan ziren, baina bidean hil egin zitzaien, eta, gero, beste bat eduki zuten bueltatu baino lehen. Ama Etxarrin jaioa da.
Bartzelonan jatetxea eta lotarako lekua
Felisa Aspe Larrañaga (1921) Aramaio
Bartzelonan jatetxea non zuten azaltzen du. Euskaldunak joaten zitzaizkien gehienak. Gero, pisu bat ere bazuten jendeari lotarako tokia eskaintzeko. Ezkondu zenean, beste pisu batera joan ziren bizitzera, handik apartean. Senarrak nahikoa lan egin zuela ordura artean esaten zion. Nagusituta ezkondu zela dio.
Kaliforniatik Euskal Herrira itzultzea 1965ean
Jean-Pierre Erreca (1931) Urepele
Hamalau urte Kalifornian pasa eta, Jean-Pierre itzuli da Euskal Herrira, familiatua (emazte bat eta hiru haurrekin).
Kaliforniako artzainaren oporrak
Louis Biscaichipy (1920) Ezterenzubi
Artzainak bakantzetaz baliatzen ziren han berean zauzkaten familiaren eta herritarren ikusteko. Batzutan Euskal Herrira ere etortzen ziren. Louis Biscaichipy-k Chinoko arrebaren etxean iragaiten zituen bakantzak (25 egun urtean). Salbu 1973an, lau urteren buruan, bere gozalabaren ezteietaz baliatu zen Euskal Herrira itzultzeko eta bere familiaz gozatzeko. Bi urteren buruan, 1975ean, definitiboki sartu zen Ezterenzubira bere semea Jean-Pierre laguntzeko etxaldeko lanetan.